XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iragana gogora patrorkigunean

Udate nahiz negute ekaitz eta enbata ditugu euskaldunok gogoan.

Ekaitze eta enbataldi beldurgarri bezain gogorra bizi dugu.

Lasaialdi eta geldiunerik bareena ere mugikortasunik bizienean aldatzeko moduko gerratea, hain zuzen.

Itsaropentsu bizi izan ez bagina lehenaren negarrak aspaldi itoko gintuen, ez bait genituen gaindituko hain ohiz jasan izandako elurte, haizete, harrite, izozte eta abar.

Ez gaituzte urteek bukatu.

Agian, abialdi hilezkor, geltezin bat daramagu mendez mende, ekinaldiz isilaldi eta isilaldiz ekinaldi.

Nork ixil lezake atsedenaldi eta ixilunerik ia bere historian gozatu ez duen herri bat? Gozatu dituela?

Bai, atsedenaldiak bai, une ixilak ere bai, ez da zalantzarik horretan.

Baina une horiek ez dira, asealdiak, ahantzaldiak izan, berriz historiari jarraitzeko pausuguneak baizik.

Itsaropenak ere nahitaezko ditu geraldi eta lotaldi gero berriro esnatu eta abiada hartzeko.

Zer egiten dugu jataldi paregabe baten ondoren bazkalondo edo afalondoan aulkia mahaitik atzeratu, oinak luzatu eta gerrikoa askatzen dugunean?

Ez dugu hurrengo jataldira arteko bitarte horien itxaroaldi bat besterik hasten.

Hasera lasaia ematen digu, gero edozein unetan haserraldi edo burrukaldi izan daiteken hatsarte horri.

Euriteak sikatea dakarrela esaten badugu ere ez gara beldurtuko agorte horrek gero berriro euritea ekarriko du eta, goseteak asetea dakarren antzera.

Gudaldi batetatik hurrengorako aldartea ez dugu hutsa izan, gertaldi bihurtu dugu gudondo hori ondorengo gerratea urrats aurrerakoiz eman ahal izateko.

- Aski da, aizu!

Eeee? Tira, ba.

Ez zaitut gehiago aspertuko.

Asperraldi hau pasako zaizu hemen ageri diren atizkiok ulertzen badituzu.

Ez dira ulertezinak, benetan! Menperatzen dituzunean egiozu gure historiari begiraldi bat eta ea esanikoa gezurtatzen ausartzen zaren.

Gero, behin ondo irakurgaia mamituz atera itzazu zeure kontuak: gure historiaren haurtzaroa, gaztaroa, zahartzaroa, heriotzea ala zer arraio bizi dugun konturatu arte.

Luzarorako badaukazu ere ez amore eman irakurketari gogaitaldia gailenduko duzu eta.